Category: Busturialdea
Busturialdeko Bilduk bat egiten du Inamako langileekin
Aza 25 2011- bizkaia
- 0 Comments
Inamako beharginek manifestazio deialdia egin dute azaroaren 26rako, eta Busturialdeko Bilduk bat egiten du deialdi horrekin. Izan ere Finsa-Inamako buruen utzikeriak lanik gabe utzi ditu langileak. Inamak Muxikatik badoala esan berri du hainbat faktore kontra jarri zaizkiolako azken aldian. Horren aurrean, ez dezagun ahaztu, enpresa bera izan dela jarduteko lizentziarik gabe eta ingurumen arauak bete gabe lanean ibili dena. Eusko Jaurlaritzak emandako ingurumen baimena betetzeko borondate gutxi erakutsi du Finsa-Inamak azken urteetan, eta azkenean, 160 familia utziko ditu soldatarik gabe. Bilduk, berriro ere, eskatu nahi dio enpresari Muxikan gelditzeko bete beharreko baldintza guztiak bete ditzala. Besterik gabe, herritarrei dei egiten die langileek deitutako manifestazioan parte hartzeko, eta enpresari betebeharrak bete ditzala exijitzeko.
Errigoitin biomasa zentralaegiteko proiektuak dituen irregulartasunak agerian egon arren, Batzar Nagusiek ez diote geldiarazteko eskatuko Eusko Jaurlaritzari
Aza 24 2011- bizkaia
- 0 Comments
BILDUk Errigoitin eraiki nahi den biomasa zentralaren aurka aurkeztutako Arauz Besteko Saloa eztabaidatu da gaur Batzar Nagusietako ingurumen eta nekazaritza batzordean. Bertan, bi eskakizun gauzatu ditu BILDUk:
1. Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari eskatu diezaiotela Errigoiti-Arrietako lurretan proiektatu nahi den biomasa zentralaren eraikuntzari Ingurumen Baimen Bateraturik ez ematea, proiektuak gisa honetako zentral batek beharrezkoak dituen azpiegiturak jasotzen ez dituelako, lurzoru egokia ez delako, ingurumenean eraginak bortitzak izango direlako eta herritarren osasunean onartezinak diren ondorioak sortuko dituelako.
2. Bizkaiko Batzar Nagusiek Biomasa zentralen gaineko proiektuen gain, moratoria ezartzea eskatu dezatela, harik eta biomasaren erabileraren gaineko Plana egin bitartean. Moratoria hau ezartzeko beharrezko diren instituzio arteko tramite guztiak gauzatuko ditu Bizkaiko Foru Aldundiak.
Eskakizun horiek arrazoitzeko, proiektuak hasieratik hainbat irregulartasun izan dituela azaldu dugu BILDUko batzarkideok. Batzar Nagusietan industrialderako errepidearen aferan jadanik argi gelditu ziren irregulartasun batzuk. Oraingoan, proiektuak jasotzen ditun zazpi hutsune salatu ditugu BILDUn, Ingurumen Baimen Bateratuaren prozeduraren baitan onartezinak direnak:
- Proiektuak ez ditu jasotzen gisa honetako biomasa zentral batek izan beharreko biltegi zein xahutze azpiegitura zein lurzoru guztien beharra: Honetarako 3-4 hektarea dira beharrezkoak, 20.000 m2ko azalera biltegirako 5 hilabeteko horniketa ziurtatzeko; xehatze makinarako eta 6000 m3ko silorako (60 metrotako luzera, 20 metroko altuera eta 8 zabaleran). Azpiegitura guzti horiek garraio zinten bidez konektatuta egon behar dira biomasa zentralarekin, eta biomasa ekarriko dituzten kamioentzako hormigoizko pistak beharrezkoak dira. Proiektuaren sustatzaileek egitasmo osoaren azalera beharrizanak, ezkutatzen ari dira, Jaurlaritzari aurkeztutako planean ez baitira jasotzen.
- Kamioien eguneroko joanetorriek eragingo dituzten kalteak ez dira jasotzen: biomasa hornidura garraiatzeko bidaiak, 7248 izango dira urtean gutxigorabehera, hau da 34 eguneko (24 tona kamioi bakoitzeko) . Halaber, biomasa erretzetik sortuko diren zepa eta hautsen garraiorako beharrezkoak izango diren 600 bidaiak -edo 900 bustita egonez gero-, gehitu behar dizkiogu. Kamioien joanetorri hauek Errigoiti eta Arrietako errepideetan eragingo duten kaosa eta ingurumenean eta herritarrengan izango duten eragina ez da baloratu. Zarata ere, nabarmena izango da.
- Hondakinak nora joango diren ez da zehazten eta beraien esanetan produkzio osoaren %3ko hondakinak (-zepa eta errautsak-) sortuko dituzte, normalean, produkzio osoaren %8tik beherakoak ez direnean antzeko zentraletan.
- Azpiestazio elektrikoak eragingo dituen ingurumen eraginak ez dira baloratzen (2377m2ko azaleran joango da).
- Errigoitik ez du ur hornidura nahikorik zentralak beharko lituzkeen urteko 35.000 m3koak hornitzeko.
- Zarata mailak egunez zein gauez baimendutakoak baino handiagoak dira (45 dB egunez eta 35 dB gauez), eta ez da baloratu azpiestazio elektrikoaren transformadoreak eragingo duen zarata maila, 75 dBkoa izango dena.
- Auzokideen informaziorako eskubidea erabat urratu da prozedura osoan zehar, eta kasu honetan Ingurumen Baimen Bateratuaren prozedura ez zaie auzokide guztiei jakinarazi, legeak agintzen duen bezalaxe. Arartekoak berak, salatutako arauhaustea da.
Irregulartasun guzti horiek agerian badira er,e gainontzeko taldeek BILDUk aurkeztutako Arauz Besteko Saloa Atzera bota dute. PPko batzarkideek proiektuak gabezia ugari dituela onartu dute. PSOEkoek argumentu bakarra erabili dute, alegazioak aurkezteko epea zabalik dagoela, eta prozedura jarraitu behar dela. Baina, argumentua horrek ez du balio, izan ere, alegazioen epea amaitu da jadanik, eta orain Eusko Jaurlaritzaren esku dago ebazpena aurkeztea. Horregatik, BILDUren ustez, Batzar Nagusiek ebazpen hori ezezkoa izan dadin eskatu behar diotela uste dugu.
EAJk proiektua geldiaraztea Foru Aldundiaren eskumena ez dela izan da. Honen aurrean, BILDUko batzarkideek Batzar Nagusiek Eusko Jarularitzako Ingurumen Sailari ingurumen inpaktuari buruzko adierazpena igorri ez dezan eska diezaioketela azaldu dute. Gainera, errepideei eta urari dagozkion eskumena Aldundiarenak dira. Hala ere, EAJ abstenitu egin da, Errigoitiko zentrala eraikitzeako ateak irekiz.
Busturialdeko BILDU-k FINSA-INAMA auziaren konponbidea zuhurtziaz kudeatu nahi du
Aza 17 2011- bizkaia
- 0 Comments
Kolokan dago FINSA-INAMA enpresak Muxikan duen lantegiaren etorkizuna, baita bertan lan egiten duten 160 beharginena ere. Enpresako arduradunek datorren urte hasierako planta itxiko dutela jakinarazi dute. Busturialdeko BILDUn auziari konponbidea eman nahian lanean gabiltza, eta enpresari erantzunkizunez jokatzeko eskatzen diogu. Era berean, bertako langileei elkartasuna adierazi nahi diegu.
INAMAk 1963an lortu zuen egur eta aglomeratuen tratamenduan aritzeko baimena ematen zion lizentzia, eta ordutik jardun du lan horretan, baita energia elektriko eta termikoaren kogenerazioan ere. Europako 96/61/CE Zuzentaraua Espainiako ordenamendu juridikoan sartu zenean, 16/2002 legeak barnebildu zuen arau berria, kutsadura eta kontrol bateratua arautzen dituena, hain zuzen. Ordutik, enpresentzat derrigorrezkoa den jarduteko lizentzia eskuratzeko, Ingurumen Baimen Bateratua izatea ezinbestekoa dela ezartzen du 16/2002 legeak. Hainbat aspektu arautzen ditu Ingurumen Baimen Bateratuak; isurien muga balioa, lurzorua eta lurrazpiko urak babesteko neurriak, sortutako hondakinak kudeatzeko prozedurak eta metodoak, eta edozein emisio eta hondakin mota kontrolatzeko eta tratatzeko sistema eta prozedurak, besteak beste.
Eusko Jaurlaritzak 2008.ko apirilaren 30ean, ebazpen bidez eman zion INAMAri Ingurumen Baimen Bateratua. Baina ebazpenaren 37.orrialdean bildu zen bezala, 20 eskakizun egin zizkion enpresari, horiek sei hilabeteko epean bete ezean, baimena iraungita geldituko zela zehaztuz. Izan ere, Muxikako herritarrek azken urteotan salatu duten bezala, ingurumen eta osasun arazoak eragin ditu INAMAk inguruetan: zaratak, dardarak, kea, hauts arazoak, landare eta zuhaitzen gaixotasunak eta arnas aparatuko afekzioak, besteak beste.
Hiru urte pasa dira jadanik ordutik, baina enpresak ez ditu bere betebeharrak burutu; enpresaburuek INAMA hiltzen utzi dute, beraien eginbeharrei muzin eginez. Orain dela pare bat aste datorren urte hasierarako INAMA arrazoi ekonomikoengatik itxi egingo zutela jakinarazi zuten.
Izan ere, FINSA enpresa multinazionala da, eta 14 lantegi dauzka espainiar estatuan, eta 21 mundu mailan, Portugalen, Frantzian, Irlandan eta AEBetan banaturik.Krisi garaian, beste hainbat lantegik egin duten moduan, FINSAk Muxikako lantegiko langileak kaleratu eta planta ixtea erabaki du, deslokalizazioa baita, euren interesen arabera, irtenbiderik merkeena honelako multinazionalarentzat. Bestalde, aintzat hartzekoa da Diputazioari opor fiskalengatik 7,5 miloi € zor dizkiola.
Busturialdeako BILDUn zentzudun jokatu nahi izan dugu hasieratik, hainbat komunikabideetan bestelakorik agertu bada ere. Iraila bitartean udaletxean zegoen informazio guztia jasotzen ibili gara. Ostean, langileekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta enpresaburuekin batzartu gara, alderdi guztien informazioa zuzenean jasotzeko, eta langileei lehen eskutik eskaintzeko jasotakoaren berri. Argi ikusi dugu, enpresaburuek arduragabekeriaz jokatu dutela: langileei kea saldu diete, ez Eusko Jaurlaritzan ezta udaletxean ere ez baitute inolako proiekturik edota planteamendu seriorik aurkeztu. Urriaren 28an udaletxean izandako batzarrean aglomeratuen linea itxi, eta kogenerazioari eusteko proposamena luzatu zuten. Datozen asteotan aurkeztuko omen dute proiekturen bat, eta horren zain gaude orain.
Bitartean, Busturialdeko zein Muxikako BILDUk garden eta erantzukizunez jokatzeko konpromisoa hartu dugunez, ez diogu gai honi, beste alderdi batzuk egiten ari diren erabilera partidistarik emango. Era berean, enpresaburuei, langileei eta Muxikako biztanleei gai honen jarraipenerako eratuko den batzordean parte hartzeko gonbidapena luzatzen diegu.
Eskualdeko udaletan mozioak aurkeztu ditugu; Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, auzia konponbidera bideratu nahian, arauz besteko saloa aurkeztu dugu. Horrela, Bizkaiko Batzar Nagusiek INAMA enpresari Muxikatik alde egiteko hartu duen erabakia berraztertzeko eskatzeko galdegin dugu, beti ere eta edozein kasutan, legeak agintzen duen ingurumen eta osasun baldintzak betez eta bere jarduera osoa legearen barne eginez. Zentzu honetan, Bizkaiko Batzar Nagusiek Busturialdeako eragileek adostu eta Eusko Jaurlaritzak 1.998an onartutako “Plan Estrategikoa” –ren (JASEGE/PADAS) Jarraipen Batzordea martxan jartzeko eskatu behar diete udal eta udalez gaindiko administrazioei, auzi honi edota eskualdearen egoera sozio ekonomiko larriari aurre eginaz, elkarrekin, behar diren eraginkortasun bermeekin bada, urratsak eman ditzagun garapen iraunkorraren ildoetatik, gizarte eragile eta herritarren parte hartzearekin batera.
Azkenik, berriro ere INAMAko langileei eta herritar guztiei, oro har, gure solidaritate aktiboa adierazi nahi diegu, guri dagokigun elkar lanerako era eraginkorrenak eskainiz. Beraien lanpostuen galera ekiditeko, Bizkaiko Batzar Nagusiei eskatu diegu Muxikako udalarekin batera, interlokuzio zuzena burutzeko konpromezua har dezaten, bai enpresarekin, bai Eusko Jaurlaritzarekin, eta bai Foru Aldundiarekin ere.
Pausoz-pauso, aurrekontu parte hartzaileak helburu
Aza 17 2011- bizkaia
- 0 Comments
Bizkaian, Euskal Herri osoan bezala, PP, PSE-PSN eta PNVren politika ekonomikoa xahuketa burugabean oinarritu da, obra erraldoi garestietan, eta inolako kontrolik gabe guztion dirua xahutzean. BILDUn ez dugu eredu horretan sinisten eta ez gaude prest sistema publikoa are gehiago txikitu dezaten. Ez gaude prest, bankuek, multinazionalek zein espekulatzaileek sortu duten krisiaren pisua, euskal langileriaren bizkar erortzen uzteko.
Gure ekinbide politikoa gutxien dutenen beharrak asetzera bideratu behar dugu. Euskal herritarrek dituzten eskubide politiko, sozial eta ekonomikoak bermatuak izan daitezen lan egitera behartuak gaude. Gastu sozialaren alde egingo dugu eta zerbitzuen pribatizazioaren kontra. Gurea kudeaketa gardena, partehartzailea izango da, herritarrak protagonista bihurtuko duena.
Horrela, Bizkaiko aurrekontuak adosteko herritarren parte hartzea beharrezkoa dela deritzogu, denona den dirua, denon artean erabaki behar baitugu zelan eta non inbertitu. Bide horretan, Bizkaiko BILDUko taldean eman ditugu jadanik lehenengo pausoak.
Bizkaian lan egiten duten eragileen iritzia ezinbestekoa dela uste dugu. Gizarte eragile ezberdinekin bildu gara batzarkideok aurrekontu proposamenak helarazi eta haien ekarpenak jasotzeko. Beste arlo batzuetako eragileekin ere harremanetan jarri gara.
Aurrekontuen inguruan herritarrak informatzeko zein BILDUren iritzia helarazteko hitzaldiak antolatu ditugu herrialdeko eskualde guztietan. Bertan herritarren ekarpenak ere jasoko ditugu.
Azaroaren 21ean, 19:00etan Portugaleteko Udal barrutian (udaletxeko arkupeetan)
21ean, 19:00etan Markina-Xemeingo kultur aretoan.
22an, 19:00etan, Igorreko kultur etxean.
22an, 19:00etan, Gernika-Lumoko Elai alai aretoan.
23an, 19:00etan, Abadiñoko Txanporta elkartean.
23an, 19:00etan, Astrabuduko Josu Murueta kultur etxean.
24an, 19:00etan, Bizkaiko Batzar Nagisietan, Hurtado Amezaga, 6 BILBO.
28an, 19:00etan, Larrabetzuko Anguleri kultur etxean.
28an, 19:00etan, Arrankudiagako gizarte etxean.
29an, 19:00etan, Muskizko gazte gunean.
29an, 19:00etan, Zallako kultur etxean.
Busturialdeko Ur Partzuergoak lehenengo aldiz kaleratu ditu erakundearen egoera
Aza 16 2011- bizkaia
- 0 Comments
Busturialdeko Ur Partzuergoko zuzendaritza berriak, Iratxe Arriola presidentea eta Juan Carlos Pino presidenteordea buru dituela, lehenengo aldiz aurkeztu ditu asanblada ireki baten, Partzuergoaren egungo egoera zein aurrera begirako erronkak. Iratxe Arriolak zuzendaritza berriak gardentasunaren alde egiten duen apostua berretsi du, herritarrei uraren kudeaketari dagozkion aspektu guztiak jakinaraziz, eta erabaki guneetan parte hartzea sustatuz.
Aitor Egurrola Ur Partzuergoko gerentearen laguntzarekin, erakundearen egoera integrala plazaratu dute Gernikako Elai- Alaia aretoan egindako agerraldian. Bertan, Partzuergoari dagozkion arlo batzuen egoera kezkagarria jakinarazi dute, berehalako erabakiak hartu behar direla azalduz.
Horniketari dagokionez, Lurralde Ekintza Plan (LEP) baten beharra dagoela azpimarratu da, egun dauden ur-hartuneen dibertsifikazioa ahalbidetuko dituena; horrela, horniketa bermatzea lortuko litzateke, izan ere, agorraldi garaietan lurrazpiko ur-hartuneekiko gehiegizko menpekotasuna dago. Gainera, zaharkituak dauden azpiegituretan inbertsioak burutzeko beharra dago.
Saneamendu sareari dagokionez aldiz, Busturialdeko eskualdea saneamendu gabeko bakarra da Bizkaian, eta horrek, kalte nabarmena eta etengabea eragiten dio Urdaibaiko erreserbari. Aspektu honi dagokion LEP-a egiten ari da egun. Planaren aurrekontua eta exekuzio epea asko igo dira. Obra lan horiek amaitzea lehentasunezko gaia dela uste dugu, baita itsasadarreko eskuinaldeko ertzeko herriak kolektore nagusiari lotzea ere.
Datozen egunotan partzuergoko zuzendaritza Bizkaiko Foru Aldundiko eta URA euskal ur agentziako, ordezkariekin bilduko da, saneamendu zein horniketa sareetan beharrezko konpromisoak adosteko.
Bestalde, datozen hilabeteetan, kontrol gabe isurtzen den uraren bolumena murrizteko plana gauzatuko da. Izan ere, gaur egun %50erainokoa da sarean egon daitezkeen jarioen eraginez, fakturatzen ez den ur bolumena Kantitate hori iruzur eginez egindako ura hartzeko sarreren eraginez, edota kontabilizatu gabeko udal erabilerengatik ez da fakturatzen. Ezin da egoera onartu, eta orain arte arazoari irtenbidea bilatu ez izana salatzen dugu gainera.
Egoera ekonomikoari dagokionez ere, datuak oso kezkagarriak dira. Orain arte EAJk buruturiko kudeaketa ekonomikoa guztiz arduragabea, ez eraginkorra eta ausartegia izan da. Zuzendaritza jasotakoan aurkitu dugun egoeraren eraginez, datozen hilabeteotan berehalako erabakiak hartzera beharturik gaude, Partzuergoaren bideragarritasun ekonomikoa ziurtatu nahi baldin badugu behintzat. Gerentearen hitzetan, aurrekontuak txarto diseinatu dira, onartu ezin diren akatsak baitituzte: partidarik bideratuta ez duten gastuei ekin zaie, eta 2010an tasak jeisteko erabakia berau bermatzeko txosten barik hartu zen. Era berean, 500.000 eurotako berankortasuna pairatzen dugu. Bestalde, Bermeoko Udalak milioi bat euro baino gehiago zor dizkio partzuergoari, 2010ean sinatutako eta udalerriarentzat onuragarria ez zen hitzarmenaren harira. Gainera, aurreko udal gobernuko kudeatzaileek jasotako ur tasengatiko diru kopurua, beste helburu batzuetarako bideratu zituzten, guztiz ilegala den prozedura izan arren. EAJko kudeatzaileek utzi duten egoera larri hau jasanezina da, ura baliabide publikoa baita, lehentasuna duen zerbitzua, eta onartezina da horrela kudeatu izana. Horregatik, kontuak ikuskatzeko auditoria integrala bultzatuko dugu, egoera ekonomikoaren osotasuna baloratu, eta hala behar izanez gero, ardurak galdegiteko. Bestalde, barne mailan ere lanean ari gara, beharrezko erabakiak hartzeko, baita Bermeoko Udaleko ordezkariekin bilerak egiten ere, zorra kitatzeko era eta epeak zehazteko.
Busturialdeko Ur Partzuergoaren egoera kezkagarria da, baina zuzendaritza berritik erakundearen etorkizuna bermatzeko apostu argia dugu, beti ere, kudeaketa gardenean, jasangarrian, eta kudeaketa ekonomiko zuzenean oinarriturikoa. Partzuergoak harreman zuzena eta etengabea mantenduko du eskualdeko udalekin, eta datozen hilabeteetan emango diren pausuen inguruan informatuko ditu herritarrak.


